XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AZAL AZPIAN Ba ziren hiru aste Kuala Lumpur-era helduak ginela emaztea eta biok.

SOAK entrepresak leporatutako arazoak garbitzeko, hiruzpalau hilabete eman beharko nituen hiri hartan.

Julen Larramendi, Frantziako enbaxadan lan egiten zuen geure adiskidearen deia jaso nuen.

- Kaixo, Jon esan zidan bere ahotsa berez zen baino lodiago egiten zuen telefonogailutik-, datorren asteartean Lady Tsai-k, hemengo andere ospatsu batek emango duen gaujaialdira gonbidaturik zaudete.

Hiru dei jaso dizkiat eta zuei ere han egotea atsegin izango zaizuelakoan niagok.

Ni joango natzaizue bila.

- Emakume bitxia Lady Tsai hori!- esan zigun Julenek asteartean, jaialdira gindoazela.

Ea nolako bihozkada egiten dizuen!

Itsasbazterrako aldaurietan sartu eta laster, marmol zuriz eta kolore askotako ladriluz egindako jauregi zoragarri baten aurrean gelditu ginen.

Atarian emakume lirain, arrotz, garai bat zegoen zutik, ikusgarri jantzita.

Baina, emakumearen harrigarria, zinez!

Haseran emazteak eta biok ezin genuen sinetsi ere.